Urtean zehar, Fundazioak bere gizarte ekintza azpimarratu du, bere kultur proiektuaren bidez, eta kolaboratzaile estrategikoen bere sarea areagotu du
2021. urtea COVID-19 gaixotasunaren ondoriozko pandemia ezaugarri nagusi izan duen urtea izan da, gizarteko estamentu guztiak baldintzatu dituena. Urte osoan zehar Athletic Club Fundazioak bere eginahala bikoiztu du bere gizarte ekintza azpimarratzeko, bereziki, bere partaidetza eskatzen zuten proiektuetan. Horrela, Osakidetzarekin elkarlana etengabea izan da eta, esate baterako, Fundazioak astean 19 entrenamendu programatzen ditu Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearekin (BOMS) elkarlanean. Gaur egun, 26 dira Fundazioak garatzen dituen gizarte proiektuak. Eta horietako hiru berriak dira: Berriztu, gizarte bazterkeria pairatzeko arriskuan diren adin txikikoekin lotuta; Fidias, arteen bidez integrazioa eta pertsonen arteko garapena lantzen duena; eta IMQ Amsa, non Fundazioak IMQ Amsa erakundearekin kolaboratzen baitu, bertako eguneko Ospitaleak elikadurarekin lotutako nahasmenduak eta patologia dualeko nahasmenduak pairatzen dituzten erabiltzaileentzat prestatutako programa terapeutikoetan..
Kultur proiektua
Halaber, Fundazioak 2021ean zehar bere kultur proiektua mantendu du eta arrakastaz ospatu du Thinking, Letrak eta Futbola jaialdia. Parte-hartzaileen artean daude hainbat pertsona ospetsu, esate baterako, Juan Villoro, Marcel Beltran, Jose Angel Iribar, Ainhoa Tirapu, Patxi Gaztelumendi, Antonio Pacheco (Pach), Santi Garcia eta Zuhaitz Gurrutxaga. Gainera, jaialdiaren irekieran, BBK Aretoa mukuru beteta zegoela, bertaratu zirenek kontzertu txiki historiko eta ahaztezin batekin gozatzeko pribilegioa izan zuten. Orsai taldeak, De Marcos, Balenziaga, Lekue, Villalibre, Vesga eta Dani Garcia zuri-gorriek osatzen duten seiko taldeak, eman zion amaiera inaugurazioari ustekabean, hiru abesti joz, One Club Men arrakastatsua barne.
Gainera, Fundazioak irakurketa sustatzeko bere kanpainarekin jarraitu du eta “Williams izatea” izenburua duen liburuari buruzko Irakurketa Klubak antolatu ditu. Bertan, Igor Porset egilearekin batera, Carlos Gurpegui edo Gorka Iraizozek parte hartu dute.
Aparteko aipamena merezi du “Beste aldea” erakusketak. Ernesto Valverderen argazkien erakusketa horretan bere argazkiak ikusi ahal izan ziren Bilboko Zabalguneko Merkatuko erakusketen areagoan irailaren 15etik urriaren 28ra.
Hazkunde jarraitua
Era berean, 2021. urte honetan, Fundaziok eragile estrategikoekin ezarritako kolaborazio kopuruak gora egin duela nabarmendu behar da. Alde batetik, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialarekin izandako lankidetzak eta, orobat, enpresa eta instituzio berriekin izandakoak. Zehazki, dagoeneko bederatzi dira Fundazioaren proiektuan parte hartzen duten Udalak: Bilbo, Getxo, Derio, Loiu, Gueñes, Alonsotegi, Erandio, Trapaga eta Abanto Zierbena. Sinergiak eta elkarlana, NBE erakundeak, garapen iraunkorreko agenda berriko parte modura, txirotasuna desagerrarazi, planeta babestu eta guztiontzako oparotasuna ziurtatzeko ezarritako Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuak betetzeko konpromisoarekin.