Athletic Club Fundazioak eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak buru gaixotasuna duten pertsonei laguntzeko lankidetza berritu dute
Gotzone Sagardui Euskadiko Osasun sailburuak eta Juan Carlos Ercoreca Athletic Club Fundazioko presidenteak, Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidentearekin, Rosa Pérez Esquerdo Osakidetzako zuzendari nagusiarekin, Carlos Pereira Bizkaiko Osasun Mentaleko sareko zuzendariarekin eta Jon Vázquez Eguskiza Fundazioko zuzendari nagusiarekin batera, lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute, gaixotasun mentala duten pertsonek beren errekuperazio- eta gizarteratze-prozesuaren barruan jarduera fisikoak eta kirola egin ditzaten errazteko.
Athletic Club Fundazioa eta Osakidetzako Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea 2016. urteaz geroztik elkarlanean ari dira kirola, oro har, eta futbola, bereziki, osasun mentaleko sarean artatutako pertsonen artean egitea errazteko.
Fundazioak monitoreak ematen ditu, Bizkaiko 17 zentro eta kiroldegitara lekualdatzen direnak. Zentro eta kiroldegi horietan kirol anitzeko saioak egiten dira eta areto futboleko ligako partidak jokatzen dira. Gaur egun 200 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute.
Azken bi urte hauetan, COVID-19ak ezarritako murrizketek ohiko jarduerak egitea zaildu dute, baina pandemiak atzera egin duenez, posible izan da jarduera horiei berriro ekitea.
Jarduera horiez gain, Athletic Club Fundazioak buruko gaixotasuna ikusarazten laguntzen du, eta, beraz, estigma sozialaren aurkako borrokan, hitzarmen honen esparruan egiten diren jardueren bideoak eginez, webgunean zabaltzeko. Halaber, osasun mentaleko zentroek Athletic Museora bisitak antolatzen dituzte.
Bestalde, Bizkaiko Osasun Mentaleko Saretik Athletic Club Fundazioko teknikariak prestatzen dira, egoerak maneiatzen eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei laguntzen.