Athletic Club Fundazioak Osakidetzak buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzako ezarritako errekuperazio ereduan parte hartzen du
Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak (BOMS) badaki pandemiak eragindako albo-kalteetako bat izan dela buruko gaixotasunek nabarmen gora egin dutela herritarren artean eta, bereziki, nerabeen eta gazteen artean. Gero eta gehiago diagnostikatzen dira buruko gaixotasunak: nahasmendu bipolarrak, obsesibo-konpultsiboak, elikadura-nahasmenduak, eskizofreniak, adikzioak, depresioak…
Ondorioz, BOMSk arazo mental horiek arintzeko ekimenak eta baliabideak bultzatu ditu azken urtean. Hori dela eta, BOMSk Fundazioarekin duen aliantza indartu egin da 2021/22 denboraldi berri honetan, eta dagoeneko 19 dira Athletic Clubeko teknikariek Bizkaia osoan banatuta dauden 14 zentroetan astero zuzentzen dituzten entrenamenduak.
Era berean, Fundazioarekiko aliantza oso positiboa da Osakidetzarentzat, izan ere, Athletic Club erakundeak inklusiorako motor gisa lan egiten du, eta bidegabeki estigmatizatutako kolektibo baten errealitatea ikusarazten du. Ez dira soilik kirola praktikatzeak dakartzan berezko onurak (sindrome metabolikoaren aurka egitea, ohitura osasungarriak hartzea eta sasoian egotea). Taldean kirola egitea ona da bakardade egoera arintzeko eta harreman afektiboak garatzeko.
Aurori Oña, Osasun Mentaleko Osakidetzaren Sareko gainbegiraleak azpimarratzen duen moduan, “Athletic erakundeak gaixotasuna ikusarazten lagundu dezake, desinformazioaren aurka egiten, estigma soziala indargabetzen… eta, gainera, buruko nahasmendu larriak dituzten pertsonek izan ohi duten apatia, desmotibazioa eta ilusiorik ezaren aurka egiten laguntzen du, eta orain arte lortu ezin izan dituzten gauzak lortzeko motibazioa ematen die”.
Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen XI. Jardunaldietan
Halaber, Athletic Club Fundazioak azaroan Euskalduna Jauregian antolatutako Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen XI. jardunaldietan parte hartu du. Eli Ibarrak eta Igor Arenazak, teknikari zuri-gorrien ordezkari gisa, Fundazioaren RSMB proiektuaren esperientzia asistentziala partekatu eta azaldu zuten lan-mahai batean. Erakundeko arduradunek oso positibotzat jo zuten aurkezpen hori.