Gizarte-bazterkeria egoeran dauden kolektiboentzat Fundazioak ematen dituen asteroko entrenamenduak uda ostean hasiko dira berriz
Fundazioak amaiera jarri die erakunde eta elkarteekin lankidetzan ematen dituen asteroko entrenamendu-saioei. 16 proiektu sozialetan aritu da denboraldi honetan. Honakoak dira proiektuak: Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea (RSMB), Genuine, Utopia, Ahalegina, Bakuva, Bizitegi, ADSIS, Zabaloetxe, Walking Football, Goiztiri, Bizgarri, IMQ AMSA, Sortarazi, Gizakia, Berriztu eta Fidias. Gizarte proiektu horietan denboraldiaren amaieran egindako kalitate inkesten arabera, Fundazioaren lana bikaintzat jo da. Proiektu horien hartzaile diren eta gizarte-bazterkeria arriskuan dauden kolektiboak honakoak dira: gaixotasun mentalak dituzten pertsonak, adimen-desgaitasuna dutenak, babesgabetasun egoeran dauden emakumeak, babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, etxerik gabeko pertsonak, lagunduta ez datozen adingabe atzerritarrak eta askatasunik gabe dauden edo egon diren pertsonak.
Fundazioko teknikariek zuzendutako asteroko entrenamenduen bidez, kirol-jarduerak sustatzen dira, lankidetza eta kidetasun giroan, eta esperientzia horrek kolektibo horietako pertsonen gizarteratze-prozesuan laguntzen du. Ez dira soilik kirolak berez dituen onurak (sindrome metabolikoaren aurka egitea, ohitura osasungarriak lantzea eta egoera fisikoa hobetzea). Taldean kirola egitea lagungarria da bakardadeari aurre egiteko, autoestimua sendotzeko eta adiskidetasun loturak eta harreman afektiboak ezartzeko.
Hala adierazten dute Fundazioak erabiltzaileekin egiten dituen asebetetze-inkestek. Zehazki, lortutako puntuazioaren batez bestekoa 5etik 4,7 puntukoa izan da, eta jarduera bakoitzarekin lotutako 12 alderdi baloratu dira. Horien artean, nabarmentzekoa da Fundazioko profesionalekiko asebetetze-maila eta teknikarien aldetik jasotako tratua, bi kasuetan 5etik 5ekoa izan baita.
2020/21 denboraldia amaitzera doa. Aipatu behar dugu pandemia eta horren ondoriozko konfinamenduak izan direla ezaugarri nagusia. Murrizketak direla eta, entrenamenduetako asko birtualak izan dira. Datorren ikasturterako, Fundazioak espero du proiektu sozialei normaltasunez ekin ahal izatea eta Athletic Club Fundazioak Genuine Ligaren finala Lezaman egin ahal izatea, COVID-19aren aurretik aurreikusia zegoen moduan.