Athletic Club Fundazioak Udako Campus tradizionala berreskuratuko du, 6 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendua, osasun-protokolo guztiak betez
Fundazioak 2021eko Udako Campusa jarriko du martxan. Horrela izanik, hain errotuta zegoen ekimen hori berreskuratuko da, pasa den urtean, pandemia dela eta, bertan behera geratu baitzen. Jarduera horri berriz ekiteko osasun-protokolo guztiak ezarrita, Fundazioak izena emateko epea irekiko du ostegun honetan, apirilak 29. Lekua mugatua da eta izen-ematea HEMEN egin daiteke.
Udako Campusa Lezamako kirol-instalazioetan egingo da, sei txandatan, astelehenetik ostiralera, ordutegi trinkoan: 09:00etatik 14:00etara. Lehenengo biak ekaineko azken bi asteetan izango dira, 21etik 25era, eta 28tik 2ra, eta gainerakoak uztailean, 5etik 10era, 12tik 17ra, 19tik 24ra, eta azken txanda, 26tik 30era. Txanda bakoitzeko prezio orokorra 199€-koa da. Fundazioko “Athletic Klubeko” zale eta kideek eta bazkideek % 5eko deskontua izango dute.
Udako Campusaren jarduerak parte-hartzaileek gozatu eta ikasteko daude pentsatuta. Hainbat jarduera burutuko dira: Athletic Clubeko jokalariekin egoteko aukera, ingurumen eta nutrizio arloko tailerrak, igerilekua eta txangoak, eta Athletic Cluben balioen araberako prestakuntza. Informazio gehiago HEMEN