Athletic Club Fundazioak, gure Genuine taldeak, Estatu Batuetan ospatuko den kluben arteko munduko txapelketara poz zuri-gorria eramango du berriz ere
Athletic Club Fundazioak Genuine World Cupen hirugarren edizioan parte hartuko du, Houstonen (Texas), uztailaren 27tik abuztuaren 1era. Hori dela eta, gure Genuine taldeak esperientzia paregabeaz gozatuko du hirugarren aldiz jarraian, eta bere ezaugarri den poz zuri-gorria eramango du Amerikako lurretara.
Estatu Batuetara bidaiatu aurreko aste honetan Lezaman egindako azken entrenamenduan, deialdian dauden lehoiek eta Igor Arenaza entrenatzaileak euren ezaugarri den poz zuri-gorria erakutsi dute. “Houston, poema bat dugu” da nazioarteko txapelketa honetara esperientziaz topera gozatzeko gogoz doan talde baten aurkezpen-gutuna.
Errespetua, poza eta kiroltasuna dira Genuinek Houstonera daraman poema horretan gehien errepikatzen diren hitz zuri-gorriak. Athletic Club Fundazioak idazten dituen poema guztiak bezala, komunitate, inklusio eta kultura arloetan egindako lanari zentzua ematen dion kodarekin amaitzen da: Futbola dena da futbola dena ez denean.
50 herrialde ordezkatuta
Uztailaren 27tik abuztuaren 1era, adimen- eta autismo-urritasuna duten 1.000 kirolari baino gehiago bilduko dira Houstonen, 50 herrialdetako 50 klub baino gehiagoren ordezkari gisa, astebetez futbolean eta adiskidetasunean aritzeko. Athletic Genuine munduko toki guztietako taldeen aurka arituko da: Europakoak, Rangers FC, Newcastle United, Bayer Leverkusen, Paris Saint-Germain, Sporting Portugal, AS Roma edo Ajax, eta gainerako kontinenteetakoak, hala nola Yokohama F. Marinos (Japonia), Corinthians (Brasil), Inter Miami (USA), Peñarol (Uruguai), FC Seoul (Hego Korea) edo Mexiko edo Zeelanda Berriko selekzioak.
Adimen urritasuna duten pertsonak kirolaren bidez gizarteratzea da Munduko Txapelketa honen helburua. Fundazioaren misioarekin zuzenean lotzen duen helburua da: kirola, eta bereziki futbola, gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiltzea, berdintasuna, elkartasuna, gainditzea eta inklusioa bezalako balioak bultzatuz.
Munduko txapeldunak!
Athletic Genuine Houstonera doa, gainera, Munduko Txapelketako Fair Play sariaren egungo txapeldun gisa. Iaz erabat merezita eskuratutako aitortza da, eta aurten ere berriro irabaztea du helburu, taldeak beti dituen energia positiboari eta alaitasun kutsakorrari esker.
Aupa Athletic Genuine!