Oinarrizko futbola aitortu, ikusarazi eta laguntzeko urteroko jaia martxoaren 22 eta 23ko asteburuan izango da, sari oso bereziekin
Athletic Clubek, bere Fundazioaren bitartez, asteazken honetan aurkeztu du San Mamesen Euskal Non-League Day, martxoaren 22 eta 23ko asteburuan ospatuko den oinarrizko futbolaren aldeko urteroko jaia, Gizonezkoen Lehen Mailako nazioarteko geldialdia aprobetxatuz.
Hirugarren edizio honen aurkezpena Johana Ruiz-Olabuenagak gidatu du, Klubeko Gizarte Arloko zuzendariak, eta Iñigo Lekue gizonezkoen lehen taldeko kapitainak eta Irene Oguiza emakumezkoen lehen taldeko bere homologoak parte hartu dute. Bi jokalariak Athleticekin hitzartutako klubetan trebatu ziren, hain zuzen ere, Lekue, Danok Baten, eta Oguiza, Ezkurdi KT-en. Biek oinarrizko futbolaren garrantziaz hitz egin dute, non kirol prestakuntza pertsonala bezain garrantzitsua den.

Ekitaldiak Athleticen hitzartutako klubetako ordezkari ugari bildu ditu Katedralean. Horietako hiruk, Jon Ander Molinuevok (Abetxuko), Diana Moralesek (Ibarreko) eta Txus Carazok (Erandio), iazko Euskal Non-League Day edizioan izandako esperientzia partekatzeko aprobetxatu dute. Hirurak bat etorri dira ekimen hori goraipatzean, oinarrizko futbolaren balio soziala aitortzeaz gain, formakuntza-kategorietan beti ongi etorriak diren baliabide ekonomikoak lortzeko aukera ematen baitie.
Bidaia eta egonaldia gizonezkoen lehen taldearekin, VIP esperientziak eta bisita gidatua Lezamara
Familia zuri-gorriak urteroko jai honekin bat egin dezan eta hitzartutako kluben zelaietara joan dadin, Athletic Clubek hainbat zozketa antolatu ditu sari erakargarriekin. Lehoiek asteburu horretan jokatzen ez dutela aprobetxatuz, plan honetan parte hartzeko aukera paregabea da, izan ere, edizio honetako kartelak dioen bezala, oinarrizko futbola “Dena hasten den lekuan” da.
Euskal Non-League Day-ean parte hartuko duten hitzartutako klub guztiek txartel sorta bana jasoko dute Athletic Clubek antolatutako zozketetarako. Txartelaren prezioa 3 €-koa da, eta bildutako diru guztia hitzartutako klubarentzat izango da, zeinak zenbatekoaren zati bat komunitatearen gizarte-antolaketa baterako erabili ahal izango duen.
Hauek dira III. Euskal Non-League Day-a dela eta txartel sorta honetarako zozketatuko diren lau sariak (hiru sari orokor eta klub bakoitzeko beste sari bat):
- Sarrera bikoitza, bidaia eta egonaldia bi pertsonentzat, gizonezkoen lehen taldearekin, LaLigako partida batera, etxetik kanpo. Parte hartzen duten hitzartutako klub guztien artean zozketatzen den lehen sari orokorra.
- Players Zone VIP sarrera bikoitza LaLigako partida batean San Mamesen. Taldeen aulkien ondoan kokatutako VIP eserlekuak eta estadioko VIP eraztunerako sarbidea ditu, partida hasi baino ordu eta erdi lehenagotik. Parte hartzen duten hitzartutako klub guztien artean zozketatzen den bigarren sari orokorra.
- Bi pertsonentzako pasea emakumezkoen lehen taldearen entrenamendu batera eta bisita gidatua Lezamako instalazioetara. Parte hartzen duten hitzartutako klub guztien artean zozketatzen den hirugarren sari orokorra.
- San Mamesen jokatzen den LaLigako partida baterako sarrera bikoitzak. Modu independentean zozkatuko dira parte hartzen duten kluben zelai bakoitzean. Zozketa partiden atsedenaldian egingo da, txartel sorta bakoitzari dagozkion zenbakien zerrenda bakarrik kontuan hartuta, hitzartutako klub bakoitzak bere zozketa egin ahal izan dezan. Irabazleak zelaian egon beharko du saria jasotzeko.
Parte hartu nahi duten klubek otsailaren 14ra arte izango dute Euskal Non-League Day-aren hirugarren edizio honetara batzeko aukera.

Non-League Dayari buruz
Euskal Non-League Day Non-League Day mugimendu britainiarrean inspiratutako ekimena da, 2010etik nazioarteko geldialdietan futbol partida ez profesionaletara joatea sustatzen duena.
Athletic Club, bere Fundazioaren bitartez, ekimen komunitario honek sustatzen dituen balioek zuzenean bere nortasunarekin bat egiten dutela jakitun, LaLigako talde bakarra da Lehen Mailan partidarik gabeko asteburu bat oinarrizko futbolaren garrantzia nabarmentzen eta bertako zelaietara joatea sustatzen eskaintzen duena.
Era berean, eta lehenengo bi edizio arrakastatsuen ondoren, Athletic Clubek harreman estua ezarri du ekimen honekin, harrobiarekin, Euskal Herriko oinarrizko futbolarekin eta familia zuri-gorriarekin duen lotura eta atxikimendua indartuz.