Athletic Clubek bideo bat argitaratu du jaialdiaren XII. edizioko irudi eta adierazpen nabarmenenekin
Athletic Club Fundazioak antolatutako Thinking Football Film Festival jaialdiaren XII. edizioa abenduaren 18tik 26ra bitartean egin zen BBK Aretoan eta arrakasta handia izan zuen. Urtetik urtera gero eta jende gehiago etortzen da, eta saio gehienetan sarrerak agortu egin dira, programazioa eta proiekzioen osteko solasaldiak gure athleticzaleari interesatzen zaizkion seinale.
Athletic Clubek eskerrak eman nahi dizkie BBK Aretoari, Metro Bilbaori, Meliá Bilbao Hotelari, Tecman Taldeari eta EITBri, eta baita ekitaldi hau oso berezia bihurtzen duten pertsona, komunikabide eta erakunde guztiei ere. Kultura arloan ere Unique In The World izaten jarraitzen dugu, klub batek (Athletic Clubek) antolatutako munduko zinemaldi bakarra baita.
Gaur argitaratu den laburpen bideoak jaialdiaren 6 egunak laburbilduko ditu. Edizio honetan hamabi film eta dokumental proiektatu dira, eta, beti bezala, kirol erregearen aurpegi gizatiarrena eta eraldatzaileena aztertzen dute. Inklusioa, berdintasuna, giza eskubideak eta iraunkortasuna izan dira zineforumetan landu diren gaietako batzuk, eta Iñaki Williams, Pacho Maturana, Thomas Hitzlsperger, Amal Fashanu, Marta Unzué, Iraia Iturregi, Ainhoa Tirapu eta Martin Fradkin izan dira protagonista nagusiak, besteak beste.
Azpimarratzekoa da Rachel Ramsayk eta James Erskinek zuzendutako eta Williams ahizpek eta Alex Morganek ekoitzitako “Copa 71” film ingelesak irabazi duela Thinking Football 2024 Publikoaren Saria.
Thinking Football Film Festival jaialdiak oihartzun sakona utzi du aurten: futbola, zinea bezala, hizkuntza unibertsala da, batzen gaituena, hunkitzen gaituena eta mundu hobea irudikatzera gonbidatzen gaituena.