David Truebak eta Oscar Lopezek eman zioten amaiera bikaina Athletic Club Fundazioaren kultura-jaialdiaren XVII. edizioari, San Mamesen
‘Letrak eta Futbola’ jaialdiaren azken jardunaldian, inoiz baino gehiago izan ziren protagonista letrak eta futbola. David Trueba zinemagile eta idazlearen eta Oscar Lopezen arteko solasaldia 20:00etarako aurreikusita zegoen, Champions Leagueko finala amaitu eta berehala. San Mames VIP Areako Ekialdeko Aretoa 18:00etatik zegoen beteta, jaialdiak PSGren eta Arsenalen arteko partida ikusteko emanaldia antolatu baitzuen. Eta orduan gertatu zen ustekabea, Dante Panzerik esango lukeen bezala, “pentsaezinaren dinamika”: luzapena eta penaltiak.
Jaialdiaren antolakuntzak erabaki salomonikoa hartu zuen: hitzaldia 20:00etan hasi zen, adostuta zegoen bezala, baina David Trueba, Oscar Lopez eta moderatzaile lanetan aritu zen Galder Regueraren atzean, pantailak finala erakusten jarraitu zuen, soinurik gabe. Letrak eta futbola, bere adierazpenik garbienean.

Letrek futbola garaitu zuten
David Truebak jada parte hartu zuen ‘Letrak eta Futbola’ jaialdiaren lehen edizioan, 2010ean, Andoni Iraola eta Andoni Zubizarretarekin batera. Hamasei edizio geroago, berriro ere erakutsi zuen hizlari aparta dela. Edozein sistematan eta edozein postutan jokatzeko baliabideak ditu, eta gainera, istorio dibertigarriak kontatzen ditu -edo asmatzen ditu, auskalo-.
Adibide bat ematearren: aurten Kopako Finalaren kronika presaka eta mugikorrarekin idatzi behar izan zuen, partida amaitu eta testua bidali bitartean bost minutu baino ez baitzituen. Horren harira, teklatu prediktiboaren arriskuei buruzko pasadizo bat kontatu zuen.
Banaketa baten ondoren oso une txarra pasatzen ari zen lagun bati honako mezua bidali zion:
“Badakit orain zaila egiten zaizula tunelaren amaieran argia ikustea, baina aurrera egingo duzu, ikusiko duzu. Eta gogoratu, azkenean, ez dagoela barre batzuekin konpondu ezin den ezer”.
— Zertaz ari zara? -erantzun zion berehala lagunak. Horrek harritu egin zuen Trueba, depresioaren ondorioz ez baitzuen mezurik erantzuten.
Bidalitakoa berrikusi zuenean, honela irakurri zuen:
“… eta gogoratu, azkenean, ez dagoela emakume errusiar batzuekin konpondu ezin den ezer”. (gaztelaniazko ‘risas’-en ordez, nahi gabe ‘rusas’ idatzi zuen)
Trueba den “Box to box” horri, Reguerak eta Lopezek emandako pase zehatzak gehitzen badizkiogu, zalantzarik gabe, letrak gailendu zitzaizkion futbolari, eta garaipen hori izan zen jaialdirako amaiera onena.

Bideo-laburpena
Atzean geratu dira futbolari buruzko solasaldiz beteriko bost egun, mailako handiko parte-hartzaileekin. Galder Reguerak zuzendutako talde horrek Champions Leagueko hirukote ikusgarria izan zuen: Irvine Welsh, Enrique Vila-Matas eta David Trueba. Horiekin batera, artearen, literaturaren eta kulturaren izen ezagunak aritu ziren: Amets Arzallus, Marta San Miguel, Paco Gomez, Aitor Lagunas, Lander Otaola, Javier Aznar, Diego Ibañez eta Oscar Lopez.
Ondorengo belaunaldientzat geratuko dira Irvine Welshek Athletic Clubi buruz bideo-laburpenean esandako hitzak:
“Klubaren historia eta filosofia, baita komunitatearekin duen lotura ere, klub benetan paregabea bihurtzen dute. Ez dago haren parekorik”.
‘Letrak eta futbola’
‘Letrak eta Futbola’ Athletic Club Fundazioak antolatutako kultur jaialdia da, eta Melia Bilbao hotelaren babes berezia eta Espainiako Gobernuaren Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza ditu.