Athletic Club Fundazioaren kultur jaialdiak 19:00etan irekiko ditu ateak San Mames VIP Areako Ekialdeko Aretoan
“Letrak eta Futbola”, Athletic Club Fundazioaren kultur jaialdia, atzo hasi zen San Mameseko Ekialdeko VIP Aretoan, Enrique Vila-Matas idazlearen, Paco Gomez argazkilari ospetsuaren eta Marta San Miguel eleberrigilearen arteko solasaldiarekin. Mahai-inguruan, gonbidatuek futbolaren, literaturaren eta argazkigintzaren arteko harremanaz hausnartu zuten, eta irudien, memoriaren eta futbol unibertsoko narrazioaren indarrari buruzko hainbat ikuspegi partekatu zituzten.
Solasaldian zehar, hiru hizlariek futbolaren munduarekin lotutako hogei bat argazkiren inguruan hitz egin zuten. Irudien aniztasunak jaialdiaren espirituari erabat lotutako elkarrizketa aberatsa sortzea ahalbidetu zuen: artea, literatura, gizartea eta futbola naturaltasun osoz uztartuta.

Irudiak eta futbola
Jaialdiaren zuzendari Galder Reguerak gidatutako solasaldian, ikusgai zeuden argazkiak askotarikoak ziren, eta sentsazio desberdinak ekartzen zituzten gogora. Batzuk futbolaren irudi ikonikoak ziren, Cruyff (Vila-Matasen gustukoenetakoa) edo Maradona (hain gustuko ez zuena) protagonista zituztela. Beste batzuk artistikoagoak ziren, hala nola Masats-en sotanadun apaizaren geldiketa ospetsua. Baziren, halaber, esanahi berezia zuten argazkiak ere; esaterako, Racing-eko jokalariek 2014ko Kopako partida batean Real Sociedaden aurka zelai erdian egindako protesta erakusten zuen irudia, soldatak kobratzeko aldarria duintasunez eta konpromisoz eginez.
Marta San Miguelentzat (etxetik racingzalea) futbola, azken finean, “komunikatzeko tresna liluragarria da, elkartzeko modu bat”, protesta hartan garbi geratu zenez taldeak eta zaleek bat eginda; agian, Racing gaur egun bizi duen aro bikainaren abiapuntua izan zen, azken igoeraren ondoren.
Enrique Vila-Matasek, bere aldetik, ikuspegi literarioa ekarri zuen gai guztien inguruan, umore bereziari uko egin gabe. Aitortu zuenez futbolak beti balio izan zion hain arraroa ez iruditzeko, eta istorio harrigarriak kontatu zituen, tartean Abdon Porte uruguaitarrak zelai erdian bere buruaz beste egin zuenekoa. Literaturarako zein futbolerako balio duen gogoeta ere utzi zuen: “Jenioa da besteei asko kostatzen zaiena erraz egitea”.
Bestalde, Paco Gomezek argazkiak ikuspegi profesionalago batetik aztertu zituen, umore ukituak tartekatuz. “Bere kabuz hitz egiten duten irudi grafikoak” gustuko dituela azaldu zuen, eta amaieran denboran oihartzuna uzten duten esaldi horietako bat utzi zuen: “Literaturak, azken batean, hitzak irudi bihurtzea lortzen du norberaren buruan”.
Gaur, 19:00etan: “Brazalete Negro” podcasta, Aitor Lagunas eta Lander Otaolarekin
“Letrak eta Futbola” jaialdiaren programazioak gaur jarraituko du, ‘Brazalete Negro’ podcastaren zuzeneko grabazioarekin. Aitor Lagunasek gidatzen duen podcastak futbola ikuspegi kultural, sozial eta gizatiar batetik aztertzen du.
Oraingo honetan, gonbidatu berezia Lander Otaola euskal aktorea izango da. Atalak 1979an FC Nantes taldeak irabazitako Frantziako Koparen lapurretaren kasu bitxia izango du hizpide; izan ere, ekintza sinboliko haren bidez Longwy-ko langileen krisia ikusgarri egin nahi izan zen.
Gainerako egunetan bezala, hitzordua 19:00etan hasiko da San Mameseko Ekialdeko VIP Aretoan. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Sarbidea 14. atetik izango da.
‘Letrak eta Futbola’
‘Letrak eta Futbola’ Athletic Club Fundazioak antolatutako kultur jaialdia da, Meliá Bilbao hoteleko babes berezia eta Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza dituena.


