Fundazioak Osakidetzaren haurrentzako eremuak eta tratamenduak humanizatzeko prozesuan laguntzen jarraitzen du
Athletic Club Fundazioak diploma eta itsasgarri sorta berri bat bidali du Osakidetzako ospitaleetara. Horien bidez, haurrek tratamendu eta ebakuntzetan jarrera positiboa izatea sustatu nahi da. Dohaintza hori Pediatria Proiektuaren barruan kokatzen da. Horren baitan, Fundazioak hainbat ekintza burutu ditu Bizkaiko ospitale publikoetan, hala nola haurren eremuak balioetan oinarritutako mezu eta superheroien irudien bidez apaintzea, Athletic Clubeko kamisetekin egindako mila amantal baino gehiago dohaintzan ematea, edota pasabideetan klubeko lehenengo taldeetako jokalariekin jolasean ibiltzeko aukera.
Diplomak eta itsasgarri-dominak osasun langileek erabiltzen dituzte tratamendua ondo hartzen duten haurrei sari moduan emateko (errebisio, txertaketa, odola ateratzeko prozesu, eta abarretan), eta Bizkaiko osasun zentro guztietara banatzen dira, ospitaleen bidez.