Trapuzko baloi batekin eta ate txikiekin, Athletic Clubeko lehen taldeetako futbolariek Gurutzetan ospitaleratutako haurrekin jolastu dute
Athletic Club Fundazioak Pasilloko Futbolaren beste edizio bat antolatu du Gurutzetako Ospitalean. Ekimen hori 2019an jarri zen abian lehen aldiz, eta Pediatriako solairuan ospitaleratutako haurren susperraldia arintzea du helburu. Antzinako eran, trapuzko baloi batekin eta tamaina txikiko ateekin, gure lehen bi taldeetako jokalariek lortu dute gaixo dauden adingabeak denbora batez deskonektatzea eta futbolaz gozatzea zentroko korridoreetan bertan. Kezka, joan-etorri eta susperraldiko gunea jokaleku bihurtu da. Pasilloko Futbola, Pediatria proiektuaren parte da, eta Fundazioak Osakidetzarekin duen lankidetzaren barruan kokatzen da, futbola komunitatearen eta gizarteratzearen tresna bihurtzen duena. Lankidetza horren ondoriozko beste proiektu batzuk dira RSMB eta Futbola Buruan.
Dani Garcia, Oscar De Marcos, Jone Amezaga eta Paula Arana izan dira Pasilloko Futbolaren edizio honetan parte hartu duten jokalariak. Lehoiekin batera, ekimenean parte hartu dute Johana Ruiz-Olabuenagak, Klubeko Gizarte Arloko arduradunak, eta Galder Reguerak, Fundazioko Proiektu arduradunak.